Egindako marrazkian Ikusten duzuen bezala, unibertsitateko gela bat egiten saiatu naiz. Ez dakit antzemango duzuen gure geletako bat dela , baina hori izan da nire helburua. Bertan, talde bat marraztu dut , horietako bat ni naiz eta aurrerago emango dizuet marrazkiaren azalpena.
Egia esan, txikia nintzenean ile apaintzailea izan nahi nuen, beti esaten nion nire amari handitan hori izan nahi nuela , baina gauzak pixka bat aldatuz joan dira. Gero, gorputz heziketako irakasle izan nahi nuela esaten nuen, kirola asko gustatzen baitzait. Denbora pasa ahala, iritziak aldatzen joan nintzen eta azkenean, haur hezkuntzako irakasle izan nahi nuela erabaki nuen. Esan behar dut, betidanik gustatu izan zaizkidala haurrak, eta horregatik aukeratu dut karrera hau. Hala ere, haur hezkuntzako irakasle izateaz gain, psikomotrizitatean espezializatu nahi dut, hori baita gehien gustatzen zaidana.
Nire burua ez dut sekula unibertsitatean ikusi, esan behar dut ikasketetan ez nintzela bikaina baina saiatzen nintzen aurrera joaten. DBHan nengoenean, ez nuen batxilergoa egin nahi, lanean hasi nahi nuen, baina azkenean, batxilerra egin nuen. Batxilergoa bukatu ondoren, eta nire ikastetxean Goi mailako Haur Hezkuntzako teknikaria ikasteko aukera zegoenez, eta nik hori egin nahi nuenez, bi aldiz pentsatu gabe modulu horretan apuntatu nintzen. Unibertsitatera joatea ez zitzaidan burutik pasatu ere egin. Badaezpada, selektibitate probara aurkeztu eta gainditu nuen. Esan bezala, Goi mailako Haur Hezkuntzako modulua egiten ari nintzen bitartean, hortik lanera joango nintzela pentsatzen nuen, ez nuela gehiago ikasiko. Urte horietan, bi ikastetxe ezberdinetan eta adin ezberdinekoekin praktikak egiteko aukera izan nuen, eta egia esan, oso pozik ibili nintzen bi ikastetxe horietan. Modulu hori amaitu ondoren eta nahiz eta praktikak egin, oraindik ez nuen nire burua haur hezkuntzako gela batean irakasle bezala ikusten, oraindik gauza gehiago ikasi behar nituela pentsatzen nuen, horregatik, orain hemen nago, Donostiako irakasleen unibertsitate eskolan Haur Hezkuntza ikasten.
Orain, goian ikusten duzuen marrazkian azaltzen dena azalduko dizuet. Lehen aipatu bezala, gure geletako bat marraztu dut edo hori izan da nire intentzioa. 4 pertsonetako talde bat egin dut, bertan talde lan asko egiten ditugulako. Egunen batean, ikastetxe batera lan egitera joaten garenean, beste irakasleekin harreman egokia izatea komeni da eta elkarrekin lan egin beharko dugu. Horregatik, oso egokia iruditzen zait talde lan asko egitea. Talde lan asko egin ditugunez, ikusi dut komunikazioa ezinbestekoa dela talde batean, denen iritziak errespetagarriak eta interesgarriak baitira. Taldeko kide bakoitzak beren ekarpenak egiten ditu eta hori beste guztientzako baliagarria izan daiteke.
Donostiako irakasleen unibertsitate eskolan ikasten ari naiz benetan nahi dudana eta oso pozik nago. Gustura joaten naiz ikastetxe honetara gauza asko ikasten ari bainaiz, eta nire etorkizunari begira oso baliagarriak egingo zaizkit bertan ikasten ditudan gai ezberdinak.
Orain, praktiketan nabil, eta oso gustura nabilela aitortu behar dizuet. Nire ametsa betetzen doa. Oraindik, bi urte gehiago eman behar ditut unibertsitatean eta ziur nago gelditzen diren urte hauetan asko ikasiko dudala. Praktiketan, aurretik ikasi duguna praktikan jartzeko eta aztertzeko aukera dut eta hori oso aberasgarria egingo zait nire formakuntzarako.
No hay comentarios:
Publicar un comentario