Pentsatzen eta pentsatzen egon, baina ez naiz eskola garaiko oroitzapen askotaz gogoratzen eta horregatik, nire amarena jo dut eta berak, nire eskola garaiko une batzuk kontatu dizkit. Agian, ez ditut zehaztasun askorekin azalduko, esan dudan bezala, ez bainaiz gauza askotaz gogoratzen.
Haur Hezkuntzako egoera askotaz ez naiz gogoratuko, baina bai gelaren egituraketaz. Nire irakaslea nor izan zen ere gogoratzen dut, oso irakasle maitekorra baitzen. Orain, nire oroitzapen on eta txarrak azaltzen hasiko naiz.
ESKOLA GARAIKO UNE ONA
Nire amari, nire eskola garaiko une on bat esateko eskatu nionean, hauxe erantzun zidan, oso egokitzapen ona izan nuela. Urte 1 eta bederatzi hilabeterekin hasi nintzen Ordiziako Urdaneta Ikastetxean, 2 urteko gelan, eta nahiz eta oraindik txikia izan, oso pozik joaten omen nintzen eskolara. Badakizue, betiere, abendukoa izatek, desbentaja bat du, oraindik 2 urte bete gabe eskolaratzen garela. Hala ere, oso egokitzapen ona izan nuela esan zidan amak, ez nuen negarrik egiten ama joaten zenean eta gelan bertan uzten zidanean nire beste laguntxoekin jolasean. Nire amak, beranduago etorriko zela esan eta joan egiten zen ni eskolan jolasean utzita. Egia esan, orain kontatutako une hau ez dut oroitzen, izan ere, oso txikia nintzen, baina pentsatzen jarrita, une polit bat gogoratu dut.
Egia esan, oroitzen dudan unerik politena eta bakarra da eta une hori nire urtebetetze egunean izan zen. Nire urtebetetze egunean beti, oso emozionaturik egoten nintzen eta egun horretan eskolara, oso pozik joan nintzen. Normalean, norbaiten urtebetetze eguna zenean, gelan ospatzeko janaria ekartzen genuen, normalean ogia txokolaterekin izaten zen eta ikasgela bertan meriendatzeko aukera izaten genuen.
Egun hori, nire eguna zen, ni nintzen egun horretako protagonista eta lehen aipatu dudan bezala, oso pozik joan nintzen eskolara. Ikasgelara iritsi eta denak zoriondu zidaten, pozaren pozez nengoen. Egun horretan, ogia eta txokolatea eraman nuen eta nire lagunei banatzeko ere, boligrafoak sartzeko zorro txikiak eraman nituen.
Denak borobil batean eseri eta ni zutik geratu nintzen, egun horretako protagonista bainintzen. Denak ondo eseri zirenean, nik, irakaslearen laguntzaz, txokolatezko bokadiloa banatu nien. Oso gustura jan zuten denek bokadiloa. Hori banatu ostean, beste opari bat nuen beraientzat eta banatzen hasi nintzen. Oso pozik jarri ziren nire lagunak eta ni ere, oso pozik egon nintzen ekarritako guztia banatzen. Ekarritako guztia banatu nuenean, zorionak zuri abestia kantatu zidaten.
Hau izan zen nire unerik politena eta egia esan, oso ondo pasatu nuen.
ESKOLAKO GARAIKO UNE TXARRA
Eskola garaiko une ona kontatu eta gero, une txarra kontatzeko txanda ailegatu da. Egia esan, nahiz eta pentsatzen denbora asko jardun, ez dut eskola garaiko une txarrik gogoratzen eta oraingoan ere, nire amari galdetu diot.
Momentu txar bat jangela garaikoa izan zen. Jangelan, 5 urterekin hasi nintzen, eta niri gustatzen ez zitzaidan janaria jartzen zutenean, oso gaizki pasatzen nuen. Gustatzen ez zitzaidan janarietako bat purea zen, eta nire amak kontatu zidan, purea jartzen zutenean, plater guztia zikintzen nuela eta horren ondorioz, ez nuela ia ezer jaten. Jangelan ere, beste gauza bat ere bazen, bazkaltzen bukatzen genuenean, basoak karro batean utzi behar genituen eta basoren bat puskatzen bazenu, mundu guztiak txalo egiten zizun. Denei bezala, niri ere basoren bat puskatu zitzaidan, eta jangelan zeuden ikasle guztiak txalo egin zidaten, egia esan oso oso gaizki pasatu nuen momentu horretan. Niretzako, jangelako janaririk goxoena, kroketak ziren, horretaz barrik gogoratzen naiz, horiek bai jaten nituela gustura.
Beste une txar bat ere kontatu zidan eta zuei ere kontatuko dizuet. Une hau, Lehen Hezkuntzan gertatutakoa da. Denok, edo batzuk dakizuen bezala, jendearen aurrean hitz egitea ez zait batere gustatzen, oso urduri jartzen bainaiz eta horren ondorioz, ez nahiz behar bezala espresatzen. Orain azalduko dudan unea honetaz doa. Lehen Hezkuntzan, lan ezberdinak egiten genituenean, eta lan hori amaitzen genuenean, aurkezteko txanda izaten zen eta hori denek egin beharreko lana zen. Nire aurkezteko txanda ailegatzen zenean, eta denen aurrean jartzen nintzenean, hitz egiten hasi eta poliki-poliki oso gaizki jartzen hasten nintzen. Irakasleak amari esaten zion: “ Alazne morena da eta aurkezpenetan zuria jartzen da “ nahiz eta aurkezpena oso ondo ikasita izan, oso urduri egoten nintzen. Irakasleak, nire aurpegiaren aldaketa ikusten zuenean, eta oso gaizki nengoela ikusirik, aurkezpena beste egun batean egiteko aukera ematen zidan. Hala ere, nahiz eta oso urduri jarri, denek bezala, aurkezpena egiten nuen. Une hauetan, oso gaizki pasatzen nuen.
Aurreko egunean ikusi nuen antzeko kasu bat ikastolan. Berari arduraduna izatea tokatzen zitzaion hiru egunetan, orduan, arduraduna zenez, zutik jarri eta beste ikasleei datu batzuk eman behar zizkion. Oso urduri jarri zela antzeman nion, denbora guztian hankak mugitzen zituen eta urduritasunak ez zion ongi azaltzen uzten. Egoera horrekin, oso identifikatuta sentitu nintzen, niri berdina pasatzen zitzaidalako. Gelan ere, lotsati asko daudela ikusi dut, eta gehienetan oso isilik egoten dira. Holako kasuetan, oso identifikatuta sentitzen naiz, ni ere, horrela egoten bainintzen.
Oraindik ere, nahiz eta 21 urte izan, arazo berdina dut, oso urduri jartzen naizela, baina agian, egunen batean ,urduri ez jartzen lortuko dut.
Hauek izan dira nire eskola garaiko une on eta txarrak. Orain nire hilabete bateko praktikaldian, haurren une on eta txar batzuk ikusi eta aztertzeko aukera izango dut, eta seguru nago, batzuekin oso identifikatuta egongo naizela.
No hay comentarios:
Publicar un comentario